Erreportaiak
           Beste Erreportaiak
 

Udazkenarekin batera, perretxikozaleek mendira jotzen dute  janari ahogozagarri honen bila. Ezaguna da euskaldunon zaletasuna perretxikotan egiteko, baina ezagupen minimo bat gabe arriskutsua ere bilaka daiteke

   
  amanita muskaria   Perretxikoak lur azpian hazten diren onddoen fruituak dira. Udaberrian eta, batez ere, udazkenean sortzen dira gehien, onddoetako esporak ernetzeko hezetasun handi samarra eta tenperatura epela behar izaten direlako. Beraz, jada udazkenan sartuta izanik,  zorte eta pazientzia apur bat izanez gero, perretxikoak eskura izango dira Euskal Herriko basoetan. Baina, kontuz! Ez dago edozein perretxiko hartzerik. Izan ere, bada hainbat perretxiko pozoitsu, eta horietako batzuk hilgarriak ere izan daitezke.
 

Euskal Herrian, mikologiari buruzko ezagutza handi samarra denez, ez da perretxikoen ondorioz pozoitze gehiegi gertatzen. Dena den, hori ez da beti horrela izan. Gerra ondorengo urteetan makina bat jende pozoitu eta hil zen Euskal Herrian. Gaur egun, zorionez, horrelako premiarik ez dagoenez, jendeak zalantzazkoa izan daitekeen perretxikorik ez du jaten; hortaz, pozoitu gutxi izaten da. Eta izaten direnean ere, ez dute sasoi batean bezain eragin larririk izaten. Adituek diotenez, duela urte batzuk perretxiko hilgarriak jaten zituztenetatik % 80 hiltzen zen; gaur egun, aldiz, medikuntzaren aurrerapenari esker, pozoitutakoak garaiz hartuz gero, hiltzeko arriskua % 5-10ekoa besterik ez litzateke.
Perretxikoak onak edo txarrak diren jakiteko modu bakarra, perretxikoen ezaugarri morfologikoei erreparatzea da: forma, kolorea, hanka, orriak, eraztunik duen edo ez, usaina, zaporea... Perretxikoei buruzko liburuen laguntza ere eskertzekoa izaten da.
Pozoitzea egokituz gero, lehenbizi osasun-zerbitzuekin jarri behar da harremanetan. Sendagilea etorri baino lehen edo larrialdi-zerbitzuetara eraman bitartean, jan duena botarazteko, pozoituari ur gazia eman dakioke. Osasun-zerbitzuetakoei honako datu hauek eman behar zaizkie: perretxikoak noiz bildutakoak ziren eta zer ordutan jan diren, jandako espezieen datuak, jan denetik lehen sintomak azaldu diren arte zenbat denbora iragan den...
Edozelan ere, perretxikotan jarduteko asmotan direnentzat pozoitze-arriskua saihesteko aholku bakarra nahikoa izan daiteke: ez hartu zalantza sortzen duen perretxikorik.