Murphyren legea gizakiok gauza negatiboak azpimarratzeko dugun joeran oinarritzen da, eta, horretarako, probabilitatearen arauez baliatzen da.
Nor zen Murphy?
Edward A. Murphy AEBetako armadako ingeniaria zen. Bere lana zela eta, hainbat frogatan hartu zuen parte, baina horietako bati esker, gaur egun arte iritsi zaigun legea sortu zen.
1949an estatubatuarrak gizakiok zenbat G (grabitatearen indarra) jasan ditzakegun frogatzen ari ziren. Hori dela eta, 'Gee Whiz' izeneko gailu bat eraiki zuten hegazkin istripuak simulatzeko. Gailu horrek kilometro inguruko ibilbidea egiten zuen 300 km/orduko abiaduran, eta segundo bakar batean gelditu egiten zen. Teorian, modu aproposa zen gizakion erresistentzia neurtzeko, baina, noski, norbait aurkitu behar zen 'Gee Whiz' barruan sartzeko. Azkenean, John Paul Stapp izeneko militar ausart bat aurkitu zuten. Zer esanik ez, frogetan Stappek hamaika lesio pairatu behar izan zituen.
Murphy froga hauetako batean izan zen. Bere esperientziari esker, talka egin orduko G kopuruaren zenbatekoa neurtzeko sentsore batzuk garatu zituen Murphyk. Hainbat istorio daude egun horretan gertatutakoaren inguruan, baina hauxe da gutxi gorabehera jazotakoa. Lehenengo saiakeran, Murphyren sentsoreen arabera, G kopurua 0 izan zen, sentsore guztiak gaizki ipinita omen zeudelako. Murphyk arazoa konpondu ahal izan zuen, baina teknikariari errua botaz halako zerbait esan zuen: “Gauzak egiteko bi modu daudenean, eta horietako bat deskalabruan amaitu ahal bada, berak modu horretan egingo du”. Stapp esaera horren garrantziaz ohartu zen, eta prentsaurreko batean Murphyren Legea bezala bataiatu zuen ondoko esaldia: “Gaizki atera daitekeen zerbait, gaizki aterako da”. Hortik aurrera, Murphyren legea guztion ahotan jarri zen, eta, horrela, 1970ean liburu bat eta guzti argitaratu zen.
Bestelako egia osoak
Murphyren legeak munduaren inguruko negatibotasuna beste ezerk baino hobeto islatzen badu ere, izan badira bestelako esaerak ere. Hona hemen hauetako batzuk. Peterren printzipioaren arabera, mundu guztiak bere inkonpetentzia mailaraino lortuko luke lan igoera. O´Toolen Iruzkinaren arabera, Murphyren legea baikorregia izango litzateke. Dena den, halakoen artean Murphy dugu lehena. Hurrengoen artean batzuk barregarriak dira, beste batzuk adimentsuak… Hona hemen, beraz, bestelako egia osoak, guztiak frogatuta. Etorreren arabera, ondoko ilara beti azkarrago doa. Barthen bereizketaren arabera, munduan bi pertsona mota daude: jendea bi motatan bereizten duen jendean eta bereizketarik egiten ez duena. Actonen legearen arabera, botereak okerbideratzen du, eta botere osoak guztiz okerbideratzen du. Booben legeak dio beti zerbait aurkitzen duzula begiratzen duzun azken tokian. Clarken Hirugarren legearen arabera, nahikoa aurreratuta dauden gizarteak ez dira magiatik bereizten. Franklinen arauaren baitan, bedeinkatua da ezer espero ez duena, horrela ez delako atsekabetzen. Issawiren legeak dio bidezidorra dela bi punturen arteko biderik luzeena. Menckenek ez du heziketaren inguruko iritzi oso ona; bere legeak dioenez, ahal dutenek egiten dute eta ezin dutenek berriz irakasten dute. Azkenik, Pattonek legeak dio gaurko plan ona biharko plan perfektua baino hobea da.
Fatalismoa eta erakargarritasuna
Hori guztia esanda, zergatik bilakatu da Murphyren legea hain unibertsala? Garbi dago gauza bat egiterakoan, probabilitate kontuak direla eta, bi gauza gerta daitezkeela: ondo ateratzea edo gaizki ateratzea. Biak %50ean izanik, normalean zergatik nagusitzen da fatalismo sentsazio hori?
Fatalismoak nolabait patuaren aurrean babesgabe aurkitzen duenaren ideia indartzen du. Horrela, gertatzen den guztia gertatzen da hala gertatu “behar” delako. Txotxongiloen lanetan bezala, ikusezinezko hari batzuek gure bizitza osoa kontrolatuko lukete. Horrek guztiak patu libre edo askearen ideiari aurre egiten dio. Honen arabera, gure bizitzan gertatzen diren gauza guztiak, eta baita hauen ondorioak ere, guk geuk kontrolatzen ditugu. Murphyren legea bi kontzeptu hauen arteko sinbiosia izan liteke.
|