| |
Datu hauek guztiak aipatu txostenetik atera daitezkeen ondoriorik nagusienak dira. Ikerketa hau Europar Batasunak eta UPV/EHUk diruz lagundu dute, eta ‘EUKids Online’ ekimena eta ‘Safer Internet Plus Programme’ programaren barruan kokatzen da. Ekimen hauen xedea, gazteek sarean izan ditzaketen arriskuak aurreikustea eta identifikatzea da, eta bertan Europako 21 estatuetako ikerketa zentro eta unibertsitate desberdinek hartu dute parte.
Txostena landu ahal izateko egin beharreko lanak aurtengo maiatzan burutu ziren. Horrela, sei eztabaida talde sortu ziren, bakoitza 12 eta 17 urte bitarteko zortzi lagunez osatuta zeudelarik. Talde hauetan, Bilbo, Bartzelona, Madrid, Coruña, Valentzia eta Sevillako gazteak bildu ziren, guztiak noski, interneteko erabiltzaileak.
Lan talde hauetan ikusitakoaren baitan, gazteek interneten ematen duten denbora gehiena Messenger aplikazioarekin izaten da, lagunekin zuzenean hitzegiteko aukera ematen dielako. Posta elektronikoarekin alderatuz, Messengerrek berehalakotasuna ematen du. Aplikazio honekin egiten den erabilera sakeleko telefonoekin ematen den erabilerarekin aldera daiteke, baina lehen kasuan ez da beharrezkoa dirurik izatea.
Txostenaren egileen esanetan, garbi dago Messengerrek egungo gazteriaren aisialdian rol garrantzitsua hartu duela, komunikaziorako ezinbesteko tresna bilakatzen ari delarik. Hainbat gazte, etxera iritsi bezain pronto konektatu eta berehala hasten dira solasean bere lagunekin. Aplikazio honek gainera, etxekolanak edota argazkiak elkartrukatzeko aukera ematen du. Honek guztiak gainera, telebista alde batera uztea lortu du; zenbat eta internet gehiago, orduan eta telebista gutxiago.
Azaldutako erabilpena dela eta, Interneten erabilerak ez du lagunen arteko harremanetan eragin negatiborik. Are gehiago, hainbat kasutan, harreman hauek indartu egiten dira Interneti esker. Eragin negatiborik izatekotan, hau ikasketetan ematen da, lagunekin ‘hitzegiten’ ari diren bitartean ikasketa orduak alde batera geratzen direlako. Txostenaren arabera, gazteen eta euren gurasoen arteko harremanak ere ez dira kaltetzen interneten erabiltzeagatik. Hemen ere, hainbat kasutan harreman hauek hobetzen dira, batez ere gazteak direnean gurasoak lagundu behar dituztenak ordenagailuarekin etab...
Etxekolanak
Esan bezala, Messenger da izar nagusia, baina ez da bakarra. Horrela, musika eta pelikulen deskarga, argazkilaritzarekin erlazionaturiko ekintzak (argazkiak igo, albumak sortu...), bideoak ikusi YouTuben edota kirol prentsa irakurtzea dira gazteek egiten duten bestelako erabilpena.
Internet ikasketetarako hainbat ate irekitzen baditu, gutxi dira adibidez etxekolak etab... egiteko internetez baliatzen direnak. Horretarako, gazteek ‘kopiatu eta pegatu’ izenarekin ezagutzen den sistema erabiltzen dute gehienbat. Google bezalako nabigatzaileetan edota Wikipedian informazioa bilatu, aldaketa batzuk egin eta horrela lanak amaitzea lortzen dute. Arrakasta handia dauka www.elrincondelvago.com delako webgunea ere, bertan jada amaitutako hainbat lan jeisteko aukera dutelako.
Dena den, izan badira etxekolanetaz kezkatzen diren ikasleak. Horrela, informazioa lortu, laburtu, idatzi eta testu prozesatzailearen zuzentzaile ortografikotik pasa ondoren, lanak prest daude irakasleari emateko. Hori bai, oso gutxik lantzen dituzte lanak bere kabuz, hots, informazioa kopiatu gabe.Zentzu horretan, Garitaonandia eta Garmendiaren ustez, gazteek ez dute internet informazio iturri aberats gisa ikusten. Ostera, lanak amaitu ahal izateko baliabidetzat jotzen dute, bertan dagoen informazioa besterik gabe kopiatuz.
Erosketak Interneten
Ikerketa honen bestelako ondorioa gazteek interneten bidez erosketak egiteko duten ohitura eskasa da. Lantaldeetan azaldutakoaren arabera, gazteek nahiago dute erosketak produktua ikus edo ikutu ahal duten dendetan egin.
Bestalde, oraindik ere medio honekiko mesfidantza handia dago, hainbatek uste baitute engainatuak izan daitezkeela. Argumentu hau beste pertsonei entzundako esperientzietan oinarritzen dute, beraiek oraindik ere ez baitute inolako erosketarik egin interneten bidez.
Beste arrazoi nagusia ordainketak egiteko ezintasuna da, adin horietan ez baitute kreditu txartelarik. Horrrek suposatzen du gurasoen laguntza behar dutela eta hauek ere ez dute erosketa mota hau begi onez ikusten.
Konfidantza ematen dieten webguneen artean aipatuenak e-bay eta El Corte Inglés izan dira.
Arriskuak
Dudarik gabe, ikerketa honen emaitzarik harrigarrienak Internetek suposatzen dituen arriskuen ataletan eman dira. Gazteen beldurrik handiena bere ordenagailuen segurtasuna da, hots, beldur dira birus bat edo sartuko ote zaien euren ordenagailuan. Hauxe litzateke arriskurik nagusiena eta ia bakarra, gazteek ez baitituzte inolako beste arriskurik aurreikusten. Inkestatutako ia gazte gehienek egoera kontrolpean dutela esan dute, eta nahi ez duten orrialde batean sartu ezkero, laister atera edota ordenagailua itzaltzea nahikoa dela uste dute.
Nesken kasuan, txat moduko webguneak arriskutsuagoak iruditzen zaizkie, entzundakoaren arabera egoera arriskutsuak sor daitezkeelako. Dena den, informzaio pertsonala eman gabe (izena, helbidea, telefonoa...) salbu daudela uste dute.
Oro har arriskua norberak bilatzen duela uste dute, eta informazio pertsonala eman gabe arriskurik ez dagoela uste da. Arriskua beste pertsonetan ikusten dute, hots arrisku fisikoa eta ez mundu birtualatik etor daitekeena.
Eduki biolentoak eta bideoen bidez izaten da, Jackass, YouTube... Jakin badakite estatuan bertan horrelako bideoak azaltzen dituzten webgune bereziak daudela. Onartzen dute printzipioz edukiak ez direla atseginak, baina era berean irribarrea sortarazten dizkie. Gainera ez dute uste horrelako edukirik ikusteak ondoren euren jarreran eraginik izango duenik. Pornografiarekin antzeko zerbait gertatuko litzateke. Normalean Spam moduan iristen zaie eta printzipioz ez diote kasurik egiten, batez ere mezu horietan birusak izan daitezkeela uste dutelako.
Non, noiz eta zenbat denboraz
Hogeitabost estatuk osatzen duten Europar Batasunean, 18 urtetik beherako gazteen %50a baino gehiagok internet erabili du noizbait. Arraroa badirudi ere, 8 eta 9 urte bitarteko gaztetxoen artean ehunekoa oso antzekoa da. Nerabeen artean berriz, ehunekoa askoz ere altuagoa da, 12 eta 17 urte bitartekoen artean bostetik lauk internet erabiltzen baitute.
Datu hauek estatu batetik bestera aldatu egiten dira nabarmen. Estatu espainiarrean adibidez, Informazio Gizartearen Behatokiak (www.red.es) jasotako datuen arabera, 2006. urteko lehen erdialdean 16 eta 24 urte bitarteko gazteen %90a interneten konektatu da noizbait, eta %70ak gutxienez astean behin konektatzen da. Konexio hauek normalean etxetik bertatik egiten dira, baina batzuetan eskolan bertan konektatzen dira eta oso gutxitan Cibercafeetan.
Ordutegiei dagokionez, normalena eskolatik bueltatzean eda afaldu ondoren konektatzea da. Konexioaren iraupena aldakorra da, baina ordubete eta bi ordu ingurukoa izaten da. Jai egunetan badira ia egun osoa konektaturik izaten diren gazteak. Astebukaeretan denbora gehiago ematen dute gazteek pantailaren aurrean, alde batetik aisialdirako denbora gehiago dutelako, baina era berean, gutxiago dira konektatzen diren gazteak, etxetik kanpo ere bestelako ekintzak egiten dituztelako: kirolak, txangoak...
|
|